Nafarroako Parlamentuan eman zaie hasiera ‘Emakumeak eta klima-aldaketa, Nafarroa 2018’ jardunaldiei

Aznarezek “ekonomia birlokalizatzeko eta zaintzaren kultura berreskuratzeko” deia egin du, “oraingo eredu produktibista eta patriarkalaren ordez jendearen ongizatea lehenetsiko duen beste bat ezartzeko”

Gaur arratsaldean Emakumeak eta klima-aldaketa izenburuko saioa egin da Parlamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak antolatutako jardunaldiei hasiera emateko. Horrela, politikaren, zientziaren eta aktibismoaren arloetan agertu diren ikuspegiak eta ekimenak jendaurrean azaldu eta eztabaidatzeko aukera izan da.

Nafarroako Gobernuko emakumezko kontseilari eta zuzendari nagusiek parte hartu dute, Balearretatik, Madrildik, Valentziako Erkidegotik, EAEtik eta Kataluniatik etorritako beste batzuekin batera, eta azkenean Emakume aktiboak klimaren alde. Nafarroa 2018 adierazpena onetsi da. Hasierako agurren ondoren, bost lantalde eratu dira, eskumen-arloen araberakoak, eta talde horien ekarpenak hartu dira oinarritzat adierazpenaren testua egiteko.

Eztabaidaren aurretik, Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakariak hitz egin du. “Ekonomia birlokalizatu eta zaintzaren kultura berreskuratu” beharra dagoela esan du, “horrela, ekofeminismoaren aginduei jarraituz, egungo gizarte eta ekonomia eredu produktibista eta patriarkala kendu eta jendearen onura eta ongizatea lehenetsiko dituen beste bat ezartzeko”.

“Nagusi den paradigma ekonomiko jasanezinaren zutabeak baliabideen gehiegizko ustiapena eta erabiltzeko aukera-berdintasunik eza” direla azaldu du lehendakariak, eta horien aurrean “erantzun politiko inklusiboak, zeharkakoak, klima-aldaketaren ondoriozko egoerek eragiten diguten ziurgabetasunaren ordez etorkizunerako bestelako aukerak sortzeko gai izanen direnak” eskatu ditu. “Gaur, Emakume Landatarren Nazioarteko Egunean, inoiz baino gehiago hartu behar dugu kontuan irabazia baino bilatzen ez duten eta bizitza salgai bihurtzen duten politiken aurka borrokatu beharra”.

“Oneratzeko” eta “berotze globalaren ondorioak geldiarazten edo moteltzen” saiatuko den gobernantza berria eraikitzeko bide horretan, Ainhoa Aznarezek aldarrikatu duenez, “emakumeok erabakiak hartzeko espazioan sartu behar dugu, gizonezkoek hartua baitute gehienbat. Lanari ekiteko unea iritsi da, eta ikuspegi ekologikoa genero-borrokan txertatuko duen emakume sarea sortu behar dugu, iraunkorra izateko bokazioarekin. Eredu berak sortutako bi gaitzen aurrean gaude: batetik, emakumeok gara klima-aldaketaren ondorioak gehien jasaten ditugunak, eta bestetik, nazioarteko goi bileretan ordezkatzen gaituztenak gizonezkoak dira”.

Testuinguru horretan, lehendakariak, amaitzeko, Isabel Elizalde kontseilariaren “lidergoa” goraipatu du. Jokatzen duen moduan jokatzen du “sinetsita dagoelako emakumeok funtsezko ardatzak garela erantzukizunak onartzeko eta erabakiak hartzeko garaian. Horren erakusgarri dira haren departamentutik kudeatzen diren politikak. Ingurumen-sistemetan eta geure buruan sinesten dugunez gero, jarrai dezagun lanean, jarrai dezagun legegintzan, eta elkarri laguntzen prozesu horietan guztietan. Eskerrik asko”.

Ondoren, Isabel Elizaldek, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak, bildutako pertsona guztien “engaiamendua” eskertu du, eta “klima-aldaketaren azelerazioaren aurkako ekintza, dagoeneko geroraezina, agenda politikoan lehenbailehen” jaso dadila eskatu du. “Bada garaia sinergiak indartzeko eta partaidetzaren eta konpromisoaren ildoan aurrera egiteko; lurraldeen eta kudeaketa-eskala zein -arloen arteko elkarrizketa indartu behar dugu eta ahalegindu behar gara emakumeon rola agerian jartzen, azken batean munduko biztanleen % 50 baikara”.

Gero, 2004tik 2008ra bitartean Ingurumeneko ministroa izandako Cristina Narbonak, bilerara joaterik izan ez badu ere, bideo batean honako hau adierazi du: “Emakumeok lehen lerroan gaude zaurgarritasunaren aldetik, baina baita konpromisoaren aldetik ere. Espainiak oso berandu ekin dio klima-aldaketaren arazoari; hala ere, dagoeneko asko dira lanean hasitako erkidegoak eta udalak. Nafarroako Gobernua zoriondu nahi dut ekimen honengatik”.

Hitzaldiak amaitutakoan, parte-hartzaileak bost lantaldetan banatu dira gai hauek jorratzeko: ahalduntzea, hezkuntza eta osasuna; lurraldea, garapena, gobernantza, berrikuntza, energia, mugikortasuna, ogasuna, aurrekontuak, kontsumoa, turismoa eta merkataritza; generoa, parte-hartzea, lankidetza, industria, funtzio publikoa eta gobernu irekia; arriskuak, larrialdiak, etxebizitza, gizarte prestazioak, naturaguneak, ibaiak eta hondakinak; eta kultura, gazteria, kirola, enplegua eta unibertsitateak.

Eztabaidak bukaturik, eta adostutako adierazpena osoko bilkuren aretoan irakurri ondoren, Isabel Elizaldek eskerrak eman ditu egindako lanarengatik, eta hartutako konpromisoak gauzatzeko deia egin du, saioari amaiera eman aurretik. Bilera horren bigarren zatia asteartean eginen da, Baluarten.

Ekitaldian izan dira, beste parlamentari batzuen artean, Carmen Segura (UPN), Virginia Alemán (Geroa Bai), Bakartxo RuizAsun Fernández de Garialde (EH Bildu), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Nuria Medina Conchi Ruiz (PSN).

Casa Ostiz

Recibe las noticias más importantes por whatsapp

Sé el primero en comentar

Deja una Respuesta

Su dirección de correo electrónico no será publicada.


*


Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.