Gobernuak errentako ehun bat etxebizitza sustatuko ditu landa ingurunean Iruñerritik kanpoko eskaintza handitzeko

Miguel Laparra, lehendakariordeak; Javier Etayo Etxebizitzako zuzendariak eta José Mª Aierdi Nasuvinsako kudeatzaileak etxebizitzak zaharberritzeko plana aurkeztu dute, Alokairu Plana Lizarra, Tutera, Bera, Irurita eta Garraldara hedatzearen osagarri gisa

Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko landa inguruneetako etxebizitzak zaharberritzearen aldeko apustua indartu du, Iruñerritik kanpo ere errentako etxebizitzak sustatzeko xedez. Jarduketa honi gehitu behar zaizkio, Errentako Etxebizitza Plana Lizarra, Tutera, Bera, Irurita eta Garraldara hedatzeko Nasuvinsak abian dituen eraikuntza berriko lehiaketak. Hartara, zaharberritzeak eta BOE sustapenak kontuan harturik, foru Gobernuak ehun etxebizitza baino gehiago gaineratuko dizkio landa inguruneko errenta babestuko etxebizitza eskaintzari. Eskariaren nahiz prezioen goranzko bilakaerari aurre egiten lagunduko duen errentako etxebizitzaren eskaintza senezko prezioan areagotzearen aldeko apustu publikoari jarraiki eta eraikinen zaharberritzea hiri-birsor kuntzarako palankatzat erabiltzeko xedeari jarriki –horiexek baitira Nafarroako Gobernuaren zein Nasuvinsa sozietate publikoaren etxebizitza-politikaren ardatzak–, Eskubide Sozialetako Departamentuak Foru Komunitateko lurralde osora hedatu nahi du filosofia hori.

Horren harira, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendari Javier Etayok eta Nasuvinsako zuzendari kudeatzaile José Mª Aierdik foru lurraldeko dozena bat herritan errentako etxebizitza sustatzen lagunduko duten zenbait eraikin zaharberritzeko lanak iragarri dituzte gaur.

Jarduketa horien artekoak ditugu, foru ondarekoak diren Zangoza, Erronkari eta Oronoz-Mugairiko lehengo bidezainen etxeak berreskuratzeko lanak. Nasuvinsak duela hamar bat egun esleitu zituen lehen bi herrietako zaharberritze lanak, 260.000 euroko guztizko inbertsioa tarteko, eta antzeko esku-hartzea aurreikusia du Oronozko bidezainen etxe batean.

Toki erakundeekiko hitzarmenak

Gainera, plan honetan, landa inguruneko beste esku-hartze batzuk ere aurreikusi dira Auritzen eta Aurizberrin. Arkitektura proiektuak dagoeneko adjudikatuak dituzten proiektu horiek Nasuvinsari emandako udal jabetzako eraikinetan egingo dira, eta sozietate publikoak 800.000 euro inbertituko ditu guztira –400.000 euro inguru proiektu bakoitzean–, eraikinen zaharberritze osoa egiteko eta errentako 8 etxebizitza sortzeko, lau eraikin bakoitzean.

Luze gabe, formula beraren laguntzaz, Gobernuak antzeko hitzarmenak sinatuko ditu Uxueko eta Jaurrietako toki erakundeekin, Nasuvinsak herri horietako bi eraikin zaharberritzeko eta 8 etxebizitza sortzeko, bien artean 600.000 euroko inbertsioa eginez.

Biztanleria txikiko landa inguruneetako jarduketa hauek errenta babestuko 48 etxebizitzari dagozkie eta 3,9 milioi euroko hasierako inbertsioa dute. Honi gehitu behar zaio Navarra Social Housing alokairu plana foru lurralde osora hedatzeko asmoa, izan ere, plan honen lehenengo fasea, Iruñerriko herriei atxikitakoa, eraikuntza fasean dago jadanik.

Eremu horretatik harantzago, Nasuvinsa beste 57 BOE sustatzen ari da lehiaketa berrien bitartez: 20 Lizarran, 15 Tuteran, 8 Beran, 10 Iruritan eta 4 Garraldan, eta hauen arkitektura proiektuak azaroaren hasieran esleituko dira.

Arkitektura epaimahaien eraketa

Horren harira, Errentako Etxebizitzaren Planaren bigarren fasearen lizitazioa berriz ere deitu eta Iruritan eta Garraldan aurreikusitako sustapenetara hedatu ondoren –planaren higarren fasea aurreratuz– eta eskaintzak aurkezteko epea bukaturik, Nasuvinsak 150 arkitektura proposamen jaso ditu guztira, deitutako 9 lehiaketetako 7tarako.

Halaber, etxebizitza sozietate publikoak lehiaketetako epaimahaiak eratu ditu – Nasuvinsak, Foru Gobernuaren Etxebizitza Zerbitzuak eta EHAEOak izendatutako arkitektoen parte-hartzeaz–, gauzatzeko aldian dauden proiektuak lehenbailehen adjudikatzeko eta, idazketa fasea bukaturik, lan guztiak legealdi honen barnean lizitatu ahal izateko, Miguel Laparra lehendakariordeak berrikitan Parlamentuaren aurrean iragarri zuenez.

Iruñerritik kanpoko errenta babestuko etxebizitza eskaintza honi, bi zaharberritze berezi gaineratuko zaizkie Tuteran eta Lizarran. Alde batetik, Tuterako Alde Zaharreko Horno de Coscolín eremua berrurbanizatzeko eta bertako eraikinak zaharberritzeko jarduketaren barnean aurreikusita dauden 25 BOE –horien erdiak, errentakoak–, arkitektura proiektua iaz esleitu eta egun idazketa fasean dutenak. Eta bestetik, Lizarrako ospitale zaharraren zaharberritzearen ondoren, bertako errentako etxebizitzaren eskaintza handituko duten 14 etxebizitzak, lanen lizentzia dagoeneko eskatua dutenak.

Enplegua eta etxebizitza erronka demografikoari aurre egiteko

Eskubide Sozialetako lehendakariordeak adierazi duenez, Gobernuak ahalegin berezia egin du Iruñeko eremu metropolitarretik kanpoko errentako etxebizitzaren eskaintza handitzeko, “betiere landa inguruneetako gazteen artean dagoen etxebizitza eskariari erantzuteko, hiriburuko gazteei beraien bizitokia landa ingurunean finka dezatela animatzeko eta, zenbait kasutan, jatorrizko herrietara itzultzeko aukera eskaintzeko”. Halaber, Laparrak nabarmendu du “aurreko administrazioek baztertuta utzi dutela landa inguruneko errentako etxebizitzaren eskaintza eta oraingo apustuak Foru Komunitate osoari dagokion gizarte eta lurralde kohesioaren aldeko politikari atxikita dagoela” azaldu du.

Hartara, landa inguruneetako etxebizitzen zaharberritzearen bitartez, “egun hutsik dauden herrietako edo kontserbazio egoera kaskarrean dauden etxe zaharrak eta etxe nobleak berreskuratu nahi dira errentako etxebizitza sustatzeko”. Era berean, politika hauek “herrietan hiri-auzoak edo hiri-esparuak sortzen lagunduko dute, horien narriadura saihetsiz eta ingurune horiek biziberrituz, etxebizitza publikoaren sustapenaren bitartez”, gaineratu du Exekutiboko lehendakariordeak.

Azkenik, Miguel Laparrak “Nafarroako zenbait eskualdetan gertatzen ari den despopulazioaren fenomenoa arintzeko beharra” nabarmendu du, “bereziki herri txikietan, eta horretarako, landa ingurunean enplegua eta etxebizitza sustatzeko politiken konbinazioa giltzarrizkoa da erronka demografikoari aurre egiteko”.

Publicidad

Casa Ostiz

Recibe las noticias más importantes por whatsapp

Sé el primero en comentar

Deja una Respuesta

Su dirección de correo electrónico no será publicada.


*


Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.